Partaidetzako aurrekontuak prozesuan aukeratu ziren 16 proposamenetik 5 gauzatuko dira 2019an

2018/12/18
Card image cap
250.000 euroko poltsa osatu arteko bozkatuenak hautatu dira

  San Pedro-Madalena eta Olabarrieta-Asentzio ibilbideetan erabilera publikoko komun irisgarri bana jarriko da datorren urtean. Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan bozkatu zutenen ia % 98ak hautatutako proposamena izaki datorren urtean egingo dela jakinekoa zen. Baina 2019rako gorde diren 250.000 euroko poltsa osatu bitartean gauzatuko diren beste lau proposamenak zehaztu dira jada: bizikletentzako aparkaleku estaliak ipiniko dira ikastetxe eta ekipamendu publiko inguruetan; bide segurtasuna hobetzeko zebrabideak argiztatuko dira; herriko hainbat puntutan hondakinak gaika botatzeko launakako zakarrontziak jarriko dira eta Olakua auzoko kirol kantxa hobetzeko lanak egingo dira, margotu, sareak berritu eta eremua argiztatuz.

  Partaidetzazko aurrekontuak prozesuaren baitan, herritarren bozkaz 16 proposameneko zerrenda zehaztu zen 2019 eta 2020 urteetan garatzeko proiektuak bilduz, guztira 500.000 euroko aurrekontuarekin. Baina 2019ko aurrekontuetan 250.000€ko partida onartuta, geratzen zen azken pausoa bete da eta zerrenda honetatik datorren urtean exekutatuko diren proiektuak aukeratu dira. Hautaketa egiteko irizpidea boto gehien lortutako proposamenak lehenestea izan da, 250.000€ partidaren kopurura ahalik eta gehien hurbilduz. Zehaztu diren bost proiektuen aurrekontua 250.500 € da.

  Herritarren botoz hautatu ziren beste 11 proiektuak 2020an egiteko geratu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!